Imagination
at transport & logistics

Aurten ere, Soteraren babeslea izango da Vasco Shipping

Ver más
9 de ekaina de 2021

2021. urte honetan ere, Vasco Taldeko Vasco Shipping enpresa Santurtziko Itsasoko Ama arraun taldearen eta gaur egun ACT ligan (arrauneko lehen maila tostako arraunketan) jokatzen duen “Sotera” traineruaren babeslea izango da; XX. mende erdialdean sortutako kluba da Itsasoko Ama, baina, Santurtzi jatorrian arrantzale herria izanik, oso sustraituta dago arraunaren tradizioan.

Orain dela urte asko, errugbira jokatzen nuenean, herriko traineruko arraunlariekin batera egiten zituen aurre-denboraldiko entrenamenduak gure klubak eta, harrezkero, kirol gogor eta minoritario horrekiko maitasun eta mirespen berezia sentitzen dut. Baina ez da hori babesgoaren arrazoia. Enpresak egoitza duen herriko arraun taldeari laguntzeko aukera aurkeztu zitzaidanean, onartu egin nuen, izan ere, gure Gizarte Erantzukineko politikarekin bat etorriz, bertako erakunde bati laguntzeaz gain, kirol hau bat baitator nire ustez gure lanean eta gure enpresan garrantzitsuak diren balioetako batzuekin.

Traineru-estropadak oso ezagunak dira gure lurraldean, baina ezagutzen ez dituztenentzako, esango dut tostako arraunketako 12 metroko luzerako “txalupen lasterketak” direla, eta patroi baten aginduetara jarduten dutela alde banatan seinako bi taldetan antolatutako –bikoteak sortuz– 12 arraunlarik eta brankan doan beste batek. Kantauri itsaso osoan egiten da kirol hori, Euskaditik Galiziaraino, eta euskal kostaldean, zehazki, ia ezinezkoa da arraun talderik ez duen tamaina ertaineko kostako herririk aurkitzea.

Agertzen ziren baleenganaino lehenengo iritsi eta haiek arpoitzeko herrien arteko norgehiagokan egon daiteke kirol honen jatorria; lehendabizi iristen zenarena izango baitzen balea. Izan liteke, baina, estropaden jatorria beste bat izatea ere: hain zuzen ere, sare pelagikoekin arrain-sardak inguratzeko eta harrapatzeko eta arrain-salmentako lokaletara iristen lehenak izan eta preziorik onena lortzeko ontzirik azkarrenak eta arinenak izateko beharra.

Herri jakin bateko uretan jokatzen dira estropadak, eta irabazleak Udalaren bandera jasotzen du sari gisa; hortik dator lehiaketen izena: banderak. Estropada-eremu tradizionala balizaz mugarriztatuta dago muturretan; lau kale izaten ditu, eta horien barruan nabigatu behar dute traineruek, eta 180º-ko biraketa egin behar dute baliza horietan traineruek hiru aldiz, guztira 3 itsas milia (5,5 km inguru) neurtzen duten lau luzera osatuz.

Bereziki ikusgarriak izaten dira itsasoaren egoera bortitza denean egiten diren estropadak, gainditu beharreko olatuekin, edo ahalik eta abiadura handienean surfeatu beharrekoekin. Tostako arraunketa bereziki da gogorra, ez baitago zangoen flexio eta luzaketa mugimenduaren laguntzarik bulkada lortzeko, goiko gorputz-enborraren eta besoen mugimendura mugatzen da. Ikaragarria. Kirol ikaragarri erakargarria da.

Gaur egun, teknologia funtsezkoa da kirol honetan, ezarritako helburuak lortzeko. Punta-puntako eraikuntza-materialak erabiltzen dira ontzietarako eta arraunetarako, hegazkinak eraikitzen diren material berberak. Programa informatikoekin diseinatzen dira traineruen kroskoak, eta marruskadurako entsegu hidrostatikoak egiten zaizkie proba-kanaletan. Pisuei eta diseinuei buruzko araudia zorrotza da, lehia egon dadin. Estropadetan, lantalde teknikoek ontziaren eta itsasoaren eta haizearen baldintzen jarraipena egiten dute lehorretik satelite bidez, eta online komunikatzen dira patroiarekin.

Estropadak irauten duen 20 bat minutuetan, esfortzu itzela egiten dute arraunlariek, helburu berberarekin diharduten lehiakideen aurka. Erabatekoa izan behar da arraunlarien mugimenduen koordinazioa, biraketetan batez ere, ziabogetan, baina baita gainerako uneetan ere, eta kritikoak dira traineruak unean unean transmititzen dizkion sentsazioen arabera patroiak hartzen dituen erabakiak; batzuetan, gainera, baldintza zailetan. Haien ezaugarrien eta gaitasunen arabera kokatzen dira arraunlariak, bikoteka, kokaleku ezberdinetan (marka, kontramarka, erdian, atzean, aurrean…), denen errendimendua ahalik eta handiena izan dadin. Entrenamenduetan, estropadaren egunerako prestatzen dira arraunlariak.

Alderdi horiek guztiak enpresaren mundura eta gure enpresak arrakastarako gako gisa lantzen dituen balioetara ekar daitezke: pertsonen garrantzia eta haien barne-antolamendua, dituzten gaitasunen arabera; prestakuntza sustatzea; kide guztien ahalegina, helburu komun bat lortzeko; erakundearen barne-baldintzen eta erakundetik kanpoko baldintzen etengabeko jarraipena; teknologia, ahalik eta ondoen lehiatzeko eta erabakirik onenak hartzeko; lidergoa… Hori guztia, honaino ekarri gaituen funtsa galdu gabe.

Nork ez du entzun taldean lan egitearen garrantzia nabarmentzeko erabili ohi den adibidea jartzen duen fabula? Enpresa japoniar baten eta espainiar enpresa baten arteko estropada bati buruzkoa da. Japoniarren taldea buruzagi batek eta 10 arraunlarik osatzen dute; espainiarrena, aldiz, buruzagi batek, bi aholkularik, kontseilari batek, lau zaindarik, bi atalburuk eta arraunlari bakar batek. Ezinezkoa da fabula hori aipatu gabe uztea, baina ni beste kontu batekin gelditzen naiz, erabaki lerrokatuak hartzearen garrantziarekin. Arrauna taldeko kirola da, eta badago pertsona bat, ontzia gidatzeaz gain, erabakiak hartzeko erantzukizuna duena eta, batzuetan erabaki okerrak har ditzake, baina arraunlari guztiek jarraitzen dute hark unean unean jartzen duen erritmoa, denak fidatzen baitira bere erabakiez.

Enpresak ez dira ontzi bakarra; hainbat “trainerillaz edo batelez” osatuta daude, non erabakiak hartzeko aukera izateaz gain, erabakiak hartu beharra duten pertsonak dauden, kolapsoa saihesteko. Trainerilla horiek traineru nagusiak –enpresak– ezartzen duen norabidearekin lerrokatuta egon behar dira, eta patroiek kontuan hartu behar dute, lehorrera edo itsasora gehiago hurbiltzea erabakitzen dutenean, baina garrantzitsuena da erabakiak markatutako norabidean har ditzaten. Arraunlariek ez dute lan egiten begiak estalita. Erabaki indibidualak hartzen dituzte haiek ere duten erantzukizun-esparruaren barruan; baina, nahitaez, haien patroiek eskatzen dizkietenekin lerrokatuta egon behar dira erabakiok. Horrek guztiak behar bezala funtziona dezan, funtsezkoak dira konfiantza, prestakuntza eta komunikazioa. Erabakiak hartzea sustatuz sortzen da konfiantza hori, eta ez okerreko erabakiak hartu izanagatik zigortuz, nahiz eta horrek banderaren bat galtzera eraman. Helburua liga irabaztea da. Elkarrizketa hori prestakuntza-prozesuaren eta talentuaren aintzatespenarekin ezinbesteko alderdia da.

Azkenaldian, asko erabiltzen da komunikabideetan “ko-gobernantza” hitza. Uste dut ezin hobeto aplika dakiekeela erakundeei, eta horrexetan saiatzen gara gure enpresan. Atzeratu geratu dira enpresak aginduak ematen zituen patroi batek eta haren aginduak etsipenez betetzen zituzten arraunlariez osatutako traineruen garaia; eta hala ez bada, atzera geratu behar dira, merkatuaren inguruabarrak aldatu egin baitira. Patroiak liderrak izan behar dira, eta ez buruzagiak. Eta arraunlariak duten erantzukizunaz jabetu behar dira.

Mikel Urrutia

VASCO Shipping-eko Zuzendari Nagusia