Imagination
at transport & logistics

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Olatz Landa.

Ver más
19 de urria de 2021

Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Derandein Fundazioko Proiektuen Arduradun Olatz Landa gure lankidearekin hitz egin dugu, zuzenean ezagutzeko Afrikan garatzen dugun lanari buruzko xehetasun gehiago.

 

Urriaren 17an Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen da. Zer esanahi du egun horrek?

Egun horrek gogorarazten digu 1.300 milioi pertsona inguru bizi dela munduan dimentsio anitzeko pobrezia egoeran. Ez dute oinarrizko eskubide asko eskuratzen, hala nola elikadura, edateko ura edo hezkuntza jasotzeko eskubideak. Pobrezia ez da kontu ekonomiko hutsa. Dimentsio anitzeko fenomenoa da, beharrezkoa da pobreziaren arrazoiak eta ondorioak ezagutzea, batez ere mundu globalizatu eta interkonektatu batean, non gure kontsumitzeko, ekoizteko eta bizitzeko moduak ondorioak dituen, ez bakarrik gure hurbileneko ingurunean, baizik eta baita munduko beste leku batzuetan ere.

Pobrezia nazioartean aitortuta dauden giza eskubideen urraketen ondorio da. Louise Arbour Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisario ohiaren hitzetan, “giza eskubideak ukatzea pobre izatearen definizioaren beraren parte da”. Beraz, gizarte guztion obligazioa da pobrezia murriztea eta errotik kentzea.

Haien duintasuna eta berdintasuna kentzen zaien pertsonak dira. Aurten, zehazki, duintasunak, elkartasunak eta pertsonarik ahulenei entzuteak duen garrantziari buruzkoa da Nazioarteko Egun honen gaia. Funtsezkoa da haiei hitza ematea, aitortu eta ziurtatu behar dugun eskubidea da, dauden arazoak eta arazo horiek nola eragiten dieten ezagutzera emateko.

 

Pobrezia da, zalantzarik gabe, Afrikak dituen arazo larrienetako bat. VASCO eta Derandein arazo horri irtenbidea bilatzen eta pobreziak biztanleengan dituen ondorioak arintzen saiatzen gara. Nola ahalegintzen gara pobreziari aurre egiten?

Gure fundazioaren eginkizuna da Saharaz hegoaldeko Afrikako lurralde eta pertsona behartsuenen bizi-baldintzak hobetzea. Horretarako, Afrikako bertako erakundeekin kolaboratzen dugu; haiek dira hango testuinguruetan garatu beharreko proiektuak identifikatzen dituztenak. Haiek dira beraien errealitatea ondoen ezagutzen dutenak, aurre egin behar dieten erronkak, lankidetzarako eta aliantzak sortzeko aukerak ondoen ezagutzen dituztenak. Baita lankidetzan, erantzunkidetasunetik, jarduteko estrategiarik onenak ere.

Tokian tokiko erakundeen eta komunitateen gaitasunak indartzea, haien eskubideak aldarrikatu ahal ditzaten, eta euren garapenaren protagonista izan daitezen; horixe da, zalantzarik gabe, pobreziaren aurkako borrokan beharrezko estrategietako bat.

Bultzatzen ditugun proiektuen oinarria oinarrizko giza eskubideak egi bihurtzea da, eskubideon dimentsioren batetik; hala nola ikastetxeetan beharrezko ekipamenduak eta prestatutako irakasleak jartzea, haiei ondo ordainduta; tokian tokiko testuingurura eta sortzen diren gaietara egokitutako prestakuntza-edukiak garatzea; eta kalitatezko osasun-arreta eskuragarria erabiltzeko aukera ziurtatzea.

Kontua da pobrezia egoeran dauden pertsonak jartzea prozesu bakoitzaren erdigunean, eta horretarako beharrezkoa da dituzten eskubideen inguruko haien kontzientzia piztea. Haiek ahalduntzea, dituzten gaitasunak eta konfiantza indartuz, haien eskubideak exijitu eta finkatu ahal ditzaten.

 

Gaur egun, Afrikako ze zonatan dihardugu lanean?

Gaur egun lau herrialdetan ari gara: Kenyan, Etiopian, Tanzanian eta Kongoko Errepublika Demokratikoan.

Herrialde horietako bakoitzean, eskualde edo eremu behartsuenetan ari gara kontzentratzen gure lana, hala nola Kenyako Iparraldeko Turkanan. Iristeko zaila den eremua da, eta zona elkor edo erdi-elkortzat jotzen da; horregatik, lehorteak dira zona horren garapenerako oztopo nagusia.

Etiopian, berriz, Tigray eskualdean ari gara lanean; gaur egun gatazka armatua bizi izaten ari dira han, heriotza eta bortxaketa ugari eta milaka lagunek alde egin beharra eragin duen gatazka. Oinarrizko azpiegituren suntsipenaz eta arpilatzeez gain.

Kasu batzuetan, oso urrutiko eremuak dira, ez dute oinarrizko zerbitzurik –osasun-etxe edo kontsultategi publikorik, eskolarik edo ur-gunerik– kilometro askoko itzulinguruan. Testuinguru horietan, ez dago kolektibo zaurgarriak –kaleko umeak, esaterako– babestuko dituen programarik.

Estatu ahulez ere ari gara, eta horixe da Kongoko Errepublika Demokratikoaren kasua; gatazka armatu luze batean eta krisi sozial eta ekonomiko sakon batean murgilduta dago herrialdea, eta egoera horrek indarkeria, pobrezia eta bazterkeriazko patroi ezezagunetara eraman dute.

 

Zein dira gure jardun-eremu nagusiak?

Hala nola hezkuntzaren, elikaduraren, uraren eta osasunaren arloetan esku hartzen dugu. Nazioartean aitortuta dauden oinarrizko eskubideak dira, eta gure lanerako plataforma gisa ikusarazten ditugu, baita justizia benetako justizia sozial gisa uler dadin beharrezkoak diren minimoen nahitaezko erreferente gisa ere.

Zalantzarik ez dago arlo askotan egin genezakeela lan, are gehiago Afrikaren kasuan. Baina horiexek dira Derandein fundazioak urteetan zehar esperientzia eta ezagupen handienak garatu dituen jardun-eremuak.

Arlo horiek, gainera, garapen globaleko esparruetan jasota daude, hala nola Garapen Jasangarriko 2030 Agendan; helburu eta xede zehatz batzuk planteatzen ditu agenda horrek, eta horien inguruan lan egiten dugu. Hauexek dira: Gosea eta Elikadura-segurtasuna (2. GJH), Osasuna eta Ongizatea (3. GJH), Kalitatezko Hezkuntza (4. GJH), eta Ur garbia eta saneamendua (6. GJH).

 

Nola laguntzen dugu lantzen ari garen proiektuak garatzen?

Bultzatzen ditugun proiektu guztiak dira Afrikako bertako erakundeek garatutakoak; erakunde horiek, testuinguruaren analisi batetik abiatuta, oinarrizko eskubideak lortzea eta gauzatzea helburu duten garapen-proiektuak formulatzen dituzte. Erakunde horiek ondo ezagutzen dituzte herrialdearen idiosinkrasia, kultura, hizkuntzak eta ohiturak.

Gure helburua da haiei lagun egitea, eta eskain diezazkiegun baliabide urriak ematea, haiek izan daitezen beraien garapenaren protagonista. Urte hauetan guztietan, erakunde horiek egiten duten lana zuzenean ikusteko eta ezagutzeko aukera izan dugu. Bisitak egiten ditugu proiektuetara, egoera ezagutzeko eta proiektuen emaitzak egiaztatzeko, eta tokian tokiko hainbat solaskiderekin hitz egiteko aukera izaten dugu.

Esan behar da goraipagarria dela erakundeok egiten duten lana. Dituzten baliabide urriekin, inpaktu handiak lortzen dituzte: tokiko komunitateek, ohitura eta tradizio oso errotuak izanik, aurrez inoiz garatu ez dituzten ekoizpen-jarduera jasangarriak haienganatzea, berdintasunezko gobernantza-egiturekin kudeatutakoak; edo tokiko administrazioek oinarrizko zerbitzuen eta azpiegituren kalitatea hobetzeko baliabideak jartzea, besteak beste, Kenyan eskola bat egiteko.

 

– Azal iezaguzu xehetasunez, zein diren abian jarri ditugun azken proiektuak.

Gaur egun, abian dauden hainbat proiektu ari gara bultzatzen. Etiopian, Tigray eskualdean bizi izaten ari diren gatazka-egoera dela, ez dute batere oinarrizko zerbitzurik, ezta komunikazio-zerbitzurik ere; laguntza humanitarioa ematen ari gara, etxebizitzak eta adineko pertsonek elikagaiak eta osasun-zerbitzuak izan ditzaten ziurtatzeko lan eginez (adineko pertsonena da, era horretako egoeretan, kolektiborik zaurgarri eta ahaztuenetako bat).

Kenyan, elikadura-segurtasunaren arloan ari gara lanean, herrialdearen iparraldean, Iparraldeko Turkanan, iristeko zaila den basamortu-eremu batean, batez ere ekoizpen-jarduera berriak ezartzeko proiektu baten bitartez; besteak beste, erlezaintza bultzatzen dihardugu. Eskualde horretan, azkeneko urteotan, ura eskuratzeko eskubidea izan dezaten ere ari gara laguntzen, putzuak zulatuta, edateko ura eskuratzeaz gain, nekazaritza-jardunbideak garatu eta ganadua manten dezaten.

Tanzanian, eskola-baratze bat abian jartzeari ari gara lehentasuna ematen; horri esker, tokiko erakundeek artatzen dituzten umeen dietan elikagai berriak barneratzeaz gain, osasun-nutrizioari, osasuna zaintzeari eta ingurumenari buruzko trebetasun eta ezagupen berriak garatzeko aukera ere sortuko da.

Kongoko Errepublika Demokratikoan, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzarako eskubidea bultzatzen ari gara Kinshasako auzorik behartsuenetako batean. Ekimenari esker, 500 haur baino gehiago joaten da eskolara. Aurten, gainera, ordenagailuen erabilera ere bermatu dugu.

Mundu digitala, dituen abantailekin, ez da guztiengana berdin iristen. Afrikako kontinentean daude, hain zuzen ere, haur eta nerabeek mundu digitalerako aukera gutxien dituzten herrialdeak. Kongoko Errepublika Demokratikoaren kasuan, % 19koa da Interneterako sarbidea, “Digital 2020 Report, Hootsuite et We Are Social” txostenaren arabera. Ez dago eskoletan ordenagailuak eta Internet erabiltzeko aukerari buruzko datu ofizialik, baina bestelako iturriek diote herrialde osoko eskolen % 6k bakarrik eskainiko luke aukera hori; gauzak horrela, mundu digitalizatu honetan, desabantaila eta berdintasunik ezeko egoera handian daude hango haur eta gazteak.

 

– Hauek dira, batez ere, gure lanaren xede diren kolektiborik zaurgarrienak: haurrak eta gazteak, emakumeak, kanporatutako eta errefuxiatutako pertsonak eta adineko pertsonak. Haurrekin eta emakumeekin lotuta, adibidez, zer proiektu ari gara garatzen?

Haurrei dagokienez, Tanzanian, esaterako, kaleko umeekin lan egiten dugu. Tanzaniako biztanleriaren % 44,4 15 urtez azpikoa da, hau da, biztanleriaren zati oso handia. 90ko hamarraldiaren hasieratik, kalean bizi eta lan egiten duten umeen kopurua etengabe hazi da herrialde horretan. Indarkeria-ekintzen biktima izateko arrisku handiagoa dute, eta egoera horiek osasun emozional, fisiko eta ugalketako arazoak edo nutrizio-, ostatu- eta hezkuntza-gabeziak ekar ditzakete.

Abusu eta bortxaketa gehien jasaten dutenak dira, zalantzarik gabe. Lan egiten dugun eremuan, Karatun, haur umezurtzekin lan egiten duten oinarriko gizarte-erakunde batzuk dauden arren, erakunde horietako bat bera ere ez dago kalean bizi diren edo etxea uzteko arriskuan dauden umeekin lan egitera berariaz bideratuta. Baliabiderik eta komunitatearen erantzunik ezaren aurrean, bada, beharrezkoa da kolektibo horri lehentasuna ematea, haren zaurgarritasuna eta inor haietaz arduratzen ez dela ikusita.

Kenyan, esaterako, Turkanako komunitatea aita-lerroko taldea da; emakumeek leku eskasa hartzen dute erabakiak hartzerakoan. Hala ere, emakumeak dira komunitateen tokiko garapenean rol aktiboa hartzen ari direnak, bultzatzen ditugun ekoizpen-proiektuen esparruan hartzen diren erabakietan parte hartuz.

Turkanako emakumeak dira, bizirauteko lan gogorren arduradunak izanik, oinarrizko hezkuntzarik ez izateak animaliekiko mendekotasun tradizionaletik haragoko beste bizimodu-aukera batzuk izatea eragozten diela gehien jabetzen direnak.  Eta beraiek dira haien seme-alabentzako kalitatezko hezkuntzarako aukera aldarrikatzen dutenak.

 

 

Afrikako bertako erakundeekin lankidetzako proiektuak garatzeaz gain, gure fundazioak bestelako lan mota bat ere egiten du euskal biztanleen artean. Zer jarduera ari gara egiten, afrikar herrialde horietako errealitatea ezagutarazteko?

Garapenerako lankidetzaz eta laguntza humanitarioaz gain, gure hurbilagoko inguruan giza eskubideak defendatzearen eta ezberdintasunen inguruko informazioa eman eta sentsibilizazio-lana egiten dugu. Uste dugu Saharaz azpiko Afrikako herritarrek bizi duten pobrezia eta berdintasunik eza ulertzearen eta horien arrazoi eta ondorioen analisi kritikoaren bitartez bakarrik eraiki daitezkeela eraldaketa sozialaren aldeko gizarteak.

Hainbat plataformatan kolaboratzen dugu, tokiko ekintzak garatzeko, hala nola Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainan. Nazioarteko koalizio bat da, 2000. urtean sortu zena, Gobernuz Kanpoko Erakundez, hezkuntza-arloko sindikatuz, ikastetxez eta gizarte-mugimenduz osatuta dagoena; eskatzen duguna da munduko pertsona guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko Estatuek sinatutako nazioarteko konpromisoak goitik behera betetzea.

Euskadin, ikastetxeekin, Hezkuntzako Fakultateekin, aisialdiko taldeekin eta euskal lurraldeko beste erakunde batzuekin lan egiten dugu. Halaber, 2005. urteaz geroztik, mobilizazioak eta aldarrikapen-ekitaldi nagusiak egiten ditugu Euskadiko hainbat hiri eta herritan: Bilbon, Gasteizen, Donostian, Eibarren, Santurtzin eta Arrasaten, esaterako.

Gainera, Afrikaren Alde Taldeko kide gara, Afrikan presentzia duten Euskadi eta Nafarroako erakundeen kontsortzioa da talde hori, 2005ean sortu zena, gure inguruan –hots, kideen artean zein gizartean eta euskal erakundeetan– Afrikari buruz dagoen ezagutza hobetzeko helburua duena. Hainbat espaziotan parte hartzen dugu administrazio ezberdinekin (Diputazioak, Udalak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia), Saharaz azpiko Afrikako errealitatearekin bat datozen tresna eta estrategien beharrari buruzko eragina sortzeko.

Bestalde, Derandein Fundazioan hainbat erakusketa egin dugu urte hauetan zehar, hainbat gairen ingurukoak, hala nola emakumeak Afrikan eta Garapen Jasangarriko 2030eko Agenda. Horrez gain, Afrikari buruzko hitzaldiak ematen ditugu ikastetxeetan, Bizkaian boluntariotza eta gizarte-partaidetza sustatzen dituen Bolunta erakundearen Hirikide programaren barruan.

Eta 2017az geroztik, urtero antolatzen dugu Derandein Astea Amorebieta-Etxanon.  Ekimen horretan, hainbat jarduera antolatzen ditugu aste oso batean zehar, tailerrak eta erakusketak esaterako. Aste horren helburua da, alde batetik, Amorebieta-Etxanoko herritarrei Saharaz azpiko Afrikako herririk behartsuenen garapenaren aldeko haien konpromisoa eta borondatea itzultzea; eta, bestetik, zornotzarrei Afrikak bizi duen errealitateari eta Derandein Fundazioak han egiten duen lanari buruzko informazioa aurkeztea.

Astea amaitzeko, Mendi Martxa bat egiten dugu; ibilaldi hori fundazioaren izenaren jatorria den auzotik igarotzen da, Derandein auzotik, non Patronatuko kide batzuek haien sustraiak dituzten. Ekimen hori antolatzeko, tokiko erakunde ugariren babesa eta kolaborazioa izaten dugu. Zoritxarrez, COVID-19aren pandemiak galarazi egin digu azkeneko ia bi urteotan jarduera hauetako batzuk egitea, osasun-krisiagatik ezarritako mugak tarteko. Baina antolatuko ditugu berriro.

 

Nola kolaboratzen du VASCOk fundazioarekin?

VASCOREN kolaborazioa ez da mugatzen urtero egiten duen ekarpen ekonomikora; beste baliabide batzuekin ere kolaboratzen duzue, hala nola bulegoa, ekipamenduak eta boluntariotza korporatiboa. VASCO taldeko langile askok eskaintzen diozue zuen lan-denbora eginkizun administratiboak, informatikoak eta bestelakoak egitera.

Lankidetza horren funtsa da pertsona eta eragile guztiok, publiko zein pribatuok, lagun dezakegula gizarte bidezko, jasangarri eta inklusiboagoak eraikitzen. Eta, zalantzarik gabe, gero eta enpresa gehiagok hartzen du parte 2030eko Agendan jasotzen diren garapen jasangarriko helburuak lortzeko bidean.

2007an, Etiopian, Tanzanian eta Kenyan gure ibilbideari ekin genionean, agertoki berri bat genuen gure aurrean, eta gureaz oso bestelako errealitate batez jabetu behar ginen. Fundazioak bere harri-koskorra jarri nahi izan zuen, Afrikako bertako erakundeei hezkuntza edo elikadura bezalako oinarrizko alderdirik ez zuten pertsona eta kolektiboen bizi-baldintzak hobetzeko haien helburuetan lagunduz.

Harrezkero egin dugun ibilbidea ez da erraza izan. Ikaskuntza garrantzitsua izan da, gure lanarekin jarraitzeko beharraz are gehiago jabetzeko balio izan diguna. Urte hauetan guztietan, pertsona eta erakunde publiko eta pribatu askok erakutsi dute konfiantza fundazioarengan eta lurralde haietan kolaboratzen dugun erakundeen lanarengan. Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei haien laguntzagatik, eta bidea elkarrekin egiten jarraitzea espero dugu.

VASCOrengandik eskuratzen dugun ekarpenari esker, fundazioaren beste gastu orokor batzuk ordaintzen ditugu –hala nola langileen gastuak, azpiegiturak, komunikaziokoak eta funtsak erakartzekoak–; horrela, eskuratzen ditugun laguntzen eta donazioen % 100 bideratzen ditugu bultzatzen ditugun proiektuetara, proiektu bakoitzaren zuzeneko zein zeharkako kostuetara.

 

 

Nola kolaboratu daiteke gure fundazioarekin?

Hainbat modu dago. Donazio zehatz bat egin daiteke, edo bazkide egiteko aukera dago, partikularra izan zein enpresa bat izan. Aldaketa-eragile aktiboagoa izan nahi baduzu, boluntario gisa kolabora dezakezu, eta zure ezagutzak, trebetasunak, baliabideak edo denbora eskaini.

 

Etorkizunari begira, zer beste proiektu dugu buruan?

Denbora daramagu esfera publiko eta pribatu guztiei eragiten dieten eraldaketa sakonak ikusten, esparru global eta tokiko esparru oso interkonektatu batean. Errealitate konplexua da, aurresateko zaila eta ustekabeko gertaerekiko zaurgarria den etorkizun batekin, berriki COVID-19arekin bizi izan dugun bezala.

Errealitate horrek agerian uzten ditu herrialde askotako egungo sistema publikoen hutsuneak, baina baita indarguneak ere; nolanahi ere, batez ere pertsona, kolektibo eta lurralde ahulenek aurre egin beharreko erronkak ikusarazten dizkigu, bereziki Afrikaren kasuan.

Testuinguru horretan, lan garrantzitsua dira giza eskubideen defentsa eta, ondorioz, elkartasunari dagokion betebeharra. Eta ez eragile publikoentzako bakarrik –haiek baitira oinarrizko eskubide eta askatasunen berme-emaile nagusiak–, baizik eta baita agertoki horretan gure erantzunkidetasuna barneratu behar dugun beste eragile batzuentzako ere. Eta bizi izaten ari garen klima-aldaketa da horren adibide argi bat.

Pertsona eta kolektibo guztiek haien eskubide oinarrizkoenak –hezkuntza, osasuna eta ura, besteak beste– beteta izango dituzten gizarte baten oinarriei eusten dieten balioak indar daitezen jarraituko dugu lanean.

Eta esku-hartze horien barruan, prozesuetan presazkoak diren zeharkako alderdiak txertatzen lan egin nahi dugu –horixe da klima-aldaketaren gaia–, zentzu horretan inpaktu positiboak sortzeko interesa duten aliatu berriak erakarriz. Derandein hobeto ezagut dezaten, gurekin harremanetan jar daitezen animatu nahi ditugu guztiak, elkartasunezko erantzunkidetasun batetik abiatuta, sor litezkeen aliantzak eta kolaborazioak aztertu eta ezar ditzagun.

 

Olatz Landa
Derandein Fundazioko Proiektuen Arduradun