Zuk erabakiko duzu web honek zer cookie-mota erabiliko dituen. Aukera eginda, sakatu “cookieen konfigurazio gorde”.
Sustatu eta zaindu beharreko talentua. Garraiolarien eskasiaren atzean dauden gakoak
Gidarien eskasia arazo garrantzitsua da Europa mailan, azkeneko egunetan komunikabideetan azaltzen ari diren bezala; ondorioak dramatikoak izan daitezke, hala nola produktuen hornidurarik eza Ingalaterran. Garraioaren arloko elkarteek diote 80.000 gidariren defizita egon daitekeela Ingalaterran; Espainian, berriz, 15.000 gidari faltako lirateke eta, Europan, oro har, 400.000 gidari falta direla diote.
Zein dira defizit horren arrazoiak? Arazo gehienetan bezala, ez dago defizit hori azaltzen duen arrazoi bakarra. Gidari lanbideari eragiten dioten arazo nagusietako bat soldaten geldialdia da. 2007an, nazioarteko garraioko gidari batek 3.000 € baino gehiagoko soldata izan zitekeen. 2007-2008ko krisiarekin, enpresa askok doikuntza handiak egin behar izan zituzten; beste garraio-enpresa batzuk Ekialdeko herrialdeetara joan behar izan ziren enpresak soldata-kostu txikiagoekin aurrera atera ahal izateko, eta sektoreko beste konpainia batzuk ere horixe egin zuten, Portugalen gidariak kontratatuta. Gaur egun, nazioarteko garraioko gidariek ez dute berreskuratu 2008a baino lehenagoko erosahalmena.
Bestalde, lan-baldintzak ditugu. Gidariek bakarrik lan egiten dute; egunak edo asteak igarotzen dituzte etxetik kanpo; dirua otordutan ez xahutzeko edo dieta osasungarri samarra izateko, elikagaiak eramaten dituzte hozkailu eramangarrietan; kamioiko kabinan lo egiten dute; neguko gauetako hotza jasan behar izaten dute Europa iparraldeko herrialdeetan, eta udako gauetako beroa hegoaldean; ezin dituzte ibilgailuak edozein lekutan aparkatu, kameraz zaindutako zerbitzuguneak bilatzen dituzte gauez ez diezaieten erregaia eta salgaiak lapurtu; gainera, geldialdiak egin behar dituzte, takografoak adierazten dien gidatze-denboraren arabera. Zama-guneetako itxarote-ilarak ere jaso behar izaten dituzte, baita beste hainbat eragozpen ere errepidean; horri gehitu behar zaio haien bizitza pertsonaletan egiten duten sakrifizioa, denbora luzez egoten baitira familiarengandik urruti. Azkenean, lanbide profesional hori ez da batere erakargarria belaunaldi berrientzako, ezta gutako inorentzako ere.
Arazo horren aurrean, eta defizit hori konpontzeko, gidariak atzerrian bilatzea planteatzen dute batzuek, baina niri zalantzak sortzen zaizkit, ze herrialdetan bilatu behar ditugu? Zein da gidari horien maila profesionala? Ba al dago gidatzeko baimenen homologaziorik herrialdeen artean? Herrialde horiek bizi izaten ari garen egoera konpontzeko behar adina gidari eskainiko al dute? Neurri hori hartu zen iraganean eta soldatei eusteko balio izan zuen; nire ustez, epe laburrerako irtenbidea izan daiteke, eta prestakuntza profesional maila txikiko gidariak izango dira, baina, ziur aski, dugun arazoa betikotzeko balioko du.
Etorkizuneko lanbidea
Nire iritziz, irtenbidea izan behar da lanbidea duintzea, profesionalizatzea eta gidari-lanpostuan teknologia berriak aplikatzea, profesional gazteek aukera profesional erakargarria dela senti dezaten; hegazkin-pilotuekin gertatzen dena da adibide garbi bat: haiek ere etengabe bidaiatzen dute, ordutegi zailak dituzte, haien etxetik eta familiarengandik urruti ibiltzen dira. Baina zergatik da horren erakargarria lanbide hori? Nola ordaintzen da lanpostua? Ze prestakuntza-maila dute profesionalek?…
Baldintza ekonomikoak erakargarriak izan behar dira, gidari lan egiteak merezi izan dezan, kontuan izanda egunero bizi behar izaten dituzten zailtasunak eta lanpostuak dituen exijentziak.
Bestalde, profesionalizazioa landu behar da. Teknologia berriekin, ez da nahikoa gidatzea, lanpostuari dagozkion arriskuak ezagutu behar dira, banaketari aplikatzen zaizkion teknologia berriak ezagutu behar dira, ibilbideak eta entregak optimizatzeko eta, lanerako tresna den aldetik, ibilgailua aztertzeko tresna informatikoekin lan egin behar baita. Ezagupen horiek dituen profildun langileak enplegagarritasun handiagoa izango du eta, aldi berean, errentagarriagoa izango da enpresarako.
Dagoeneko badaude modu erabat autonomoan zirkulatzen duten kamioiak proban; aurreikuspenen arabera, 10 urte baino lehenago, legeari dagozkion oztopoak gainditzen badira, egin ahal izango dira definitutako eta gidaririk behar ez duten ibilbideak. Gidarien atsedenaldiak optimizatzea ahalbidetuko duten ibilgailu erdi-autonomoak ere funtsezkoak izango dira, eta kamioi berriak beharko dira, bidaietan gidariaren bizitza-kalitatea ziurtatuko dutenak.
Eta, azkenik, Administrazioak Europako gidarien lan-baldintzak berdinduko dituen lege-esparrua bermatu behar du, sektore guztiak legeria betetzen duela bermatuko duena, lurreko garraioan diharduten eragile guztientzako baldintza berdineko eta bidezko lehiakortasun-esparrua emanez.
José Pascual
VASCO taldeko Giza Baliabideetako zuzendaria