Imagination
at transport & logistics

Ukrainarrek haien lanpostuak utzi dituzte, borrokatzera itzultzeko. Ni neu oso harro sentitzen naiz jende honetaz

Ver más
28 de martxoa de 2022

Pasa den hilaren 24az geroztik, Europa mendebaldeko ezagun, lagun eta kideen galdera asko jasotzen ari naiz, Errusiaren inbasioaren ondoren bizi izaten ari garen egoerari buruz. Horrek sentimendu oso anbiguoak sortzen ditu nigan. Haien egoera bera dut. Nire mundua, objektiboki, ez da asko aldatu. Nire eguneroko errutina ez da tupustean aldatu. Egunero bulegotik irten, etxera itzuli, gasolina botatzerakoan haserretu… Denbora gehiago eskaintzen diot albisteak entzuteari, ukrainar banderaren presentzia nabari dut bazter guztietan, dendetan laguntza biltzeko edukiontziak. Ezagunekin laguntzeko moduei buruz hitz egiten dut, batzuek dirua bidaltzen dute, beste batzuk boluntario modura antolatzen dira errefuxiatuei harrera egiteko guneetan. Ezagutzen dut errusiar baten kasua, poloniar herritarra orain dela urte askotik, errefuxiatu familia bat bere etxera gonbidatu zuena, eta ezagutzen duen jendea antolatzen duena, jendeari laguntzeko.

Nik, hala nahi dudanean, ahaztu dezaket  Europako historiako une erabakigarria bizi izaten ari garela. Nire etxean sar naiteke, atseden hartu, eta bonbardatutako hirien irudietatik aldendu naiteke, giro seguruan eztabaida dezaket politikari buruz. Ukrainarrek ezin dute.

Duela gutxira arte, Polonia herrialde homogeneoa zen, kultura anitzeko historiarekin, baina aspalditik ahaztuta zegoena. Ukrainarrak orain dela urte batzuk agertu ziren, pixkanaka eraikuntza-parkeetan, Polonia mendebaldeko dendetan edo laborantza-landetan agertzen ziren. Gu, logistikaren sektorean, ohituta gaude dagoeneko haiek biltegietan edo kamioien bolanteen aurrean duten nonahikotasunera.  Eta hunkitu egiten gaitu ukrainar gizonak lanpostuak utzi eta haien herrialde odoltsura herrialdearen, aberriaren eta demokrazian bizitzeko eskubidearen alde borrokatzera itzultzen ikusteak. Guretzako erronka handia da kamioi faltari aurre egitea, baina, pertsonalki, oso harro sentitzen naiz jende horretaz.

Errusiak Ukraina inbaditu baino lehen, 1,3 milioi ukrainar baino gehiago zegoen Polonian lanean. Horregatik iritsi zen horren azkar Poloniara lehenengo errefuxiatu-oldea.  Hemen bizi zituzten senitarteko eta ezagunekin ondo antolatutako jendea zen, mugan itxoiten zieten, eta beraiekin eramaten zituzten Poloniako edo beste herrialde batzuetako haien etxeetara, baina errusiar misilek Polonian eragindako sarraskiekin batera, ezertxo gabe agertu zen jendea, babesleku antiaereoetatik zuzenean, eta ihes egitea zuten salbatzeko bidea.

Jendea pijama jantzita, ekipajerik gabe, paperik gabe, emakumeak umeekin, beldurtuta, erabat galduta, NATOren mugaren alde horretan zer aurkituko zuten jakin gabe. Izututa etorri ziren, galduta, haien traumekin, zaurgarri eta segurtasun faltarekin, eta egoera horretan ikusten dudan gauza on bakarra da nire herriak besoak zabalik hartu zituela. Hiru aste baino gehiago iragan da, 2 milioi lagun sartu da Polonian, eta sartzen jarraitzen dute. Bazter guztietan daude, batez ere hiri handietan, Varsovian, Cracovian, Lodzen… baina baita Polonia hego-mendebaldeko herri txikietan ere.

Boluntario ezezagunek egiten diete harrera gehienei, Poloniako Estatuak ez du oraindik modu instituzionalean eraginkortasunez laguntzeko modua aurkitu. Atzo, Polonia hegoaldeko herri txiki bateko nire lagun batek esan zidan bizilagun baten etxeko atikoa margotzen ari dela, hainbat bizilagunen artean bi familia hartzea erabaki zutelako, eta haientzako etxebizitza bat prestatzen ari dira. Telebistan ere ari gara antzerako istorioak ikusten, jendeari ere entzuten dizkiogu garraiobideetan, supermerkatuetako ilaretan… Adore eta poz handia ematen dute, baina ekintza espontaneo guztiekin gertatzen den bezala, ezin dute asko iraun, baliabide berriak jartzen ez badira. Dirua falta da, jendea falta da, eta jendeari ostatu emateko lekuak falta dira; eta jendea akituta dago.

“Elkartasuna” da hemen inguruan sarri entzuten den hitza; hitz oso garrantzitsua da hemen, Polonian, eta hitzaren esanahi endemikoa ideia handi baten inguruan antolatutako herriaren mugimendu espontaneoak dira. Azkeneko urteetan pixka bat erre egin den hitza da, politikan asko esplotatu baita, eta orain bere jatorrira itzuli da hitzaren esanahia.

Beraz, ekarpenen bat egiteko aukerarik baldin baduzue, ez izan zalantzarik.

Ukrainak eta ukrainarrek merezi dute.

 

 Krzysztof Lewandowski

 VASCO Polonia-ko Zuzendaria